aldezaharra.org

  • Full Screen
  • Wide Screen
  • Narrow Screen
  • Increase font size
  • Default font size
  • Decrease font size
JAIAK INAUTERIAK

INAUTERI GARAIA

Inprimatu PDF fitxategia

Inauteria lurra neguko loalditik atera eta udaberrira iratzartzen den unean ospatzen den festa da. Nekazaritza-zikloaren hasiera da, eta bere fruituek hurrengo neguan bizirautea ahalbidetuko dute. Horregatik izan ohi du hainbesteko garrantzia gurean, lurrarekin, animaliekin, uztarako zantzu onekin, eragin gaiztoak uxatzeko erritoekin lotutako sinboloz betea...

Antzinako mundu hartako aztarna ugari gelditu dira eta gure gizartearen adierazpen kultural zaharrenetakoak eta jatorrenetakoak bilakatu dira. Herri eremuko adierazpenak gehien bat, haiek izan baitira hobekien eutsi diotenak, baina hirietara ere zabaldu egin dena. Iruñean, Francoren erregimenak inauteriak debekatu eta gero, ospatzeko ohitura galdu zen. Gainera gau-zaharrean mozorrotzeko ohitura sortu zen, anitzendako gure hiriko benetako inauteria dena. Bi kontu horiek zerikusi handia izan dute Iruñeko inauteriaren fisionomia berrian.

Jaia berreskuratzeko urtetako ahaleginaren ondoren, Iruñeko auzoetako jendeak ikusi zuen ez zela hiri osoan errotzen, baina bai auzo bakoitzeko elkarte-mugimenduan eta haurren mailan. Eta hauxe da XXI. mendeko Iruñeko inauteriaren ezaugarri nagusia, auzoz auzo antolatutako eta disfrutatutako jaia dela. Bakoitzak aukeratzen ditu data eta modua. Honela, beharbada jende anitz ez da inauteriaz ohartu ere egiten, baina asteburu batean edo bestean inauteria ospatzen duten guzti-guztiak leku jakin batean elkartuko bagenitu, mozorro dezente ikusiko genituelakoan gaude...

Elkarterako, azkeneko urteotako erronka nagusia izan da inauteriaren esentzia hain heterogeneo den gure hiri-girira moldatzea, eta orobat gure komunitatean jaia errotzea, tradizio bat bihurtzeraino. Hau da, data hurbildu ahala jendea zain egon eta pixkana prestatzea, haren inguruko oroitzapenak sortzea, euren bizitzaren zati sentitzea. Eta, emeki-emeki, horretara goaz.

Antolakuntzan talde desberdinak aritzen dira eta jende asko mugiarazten dute, festaren oihartzuna zabaltzen laguntzen duena. Azpimarratzekoa da dantza eta antzerki-taldeen lana, jaia animatu eta haurrak protagonista bihurtzen dituztenak, honen guztiaren etorkizuna direnak. 

Gure inauteriaren erreferentzia gisa istorio mitiko bat daukagu: Mari Trapuren kondaira. Benetako gertaeretan oinarrituta, 1214an frankoek hondatu baitzuten Navarreriako Burgoa, ongiaren eta gaizkiaren arteko lehia adierazten du, gaur egun ere, oraingotasun handiko kontua.

Maria Trapo, "gaiztoa", jai guztian zehar zintzilik dago Navarreriako iturri mitikotik, udaberrian sartu baino lehen auzoko zantzu gaiztoak uxatzeko errea izatearen zain. Auzoko emakume batengan Mari Trapu pertsonalizatua izateak komunitate honetako bizitza anitza, xaloa adierazi nahi du ...baita konstantzia ere. Urtez urte auzoko jendearen artean jaia ospatu ondoren, badira hor nonbait gaztetxo batzuk Mari Trapu betitik ezagutzen dutenak, eta uste dugu horixe dela gure inauterietako tradizioaren oinarri nagusia. Hala bada, Elkartetik, mundu guztia animatu nahi dugu, bai auzo honetakoa izan, bai besteren batekoa, egunerokotasuneko muga hautsi eta transgresioaren ustekabeko eremuan sartzera.


 

You are here JAIAK INAUTERIAK